SAALDA_LOGOA-horia-webgunerako

SAALDA eta gelatina

Bezero batek galdetu zidan ea zergatik gure hezur-salda zen horren likidoa. Bere ahizpak etxean prestatzen zuela eta askoz likatsuagoa (gelatinosoagoa) geratzen zitzaiola.

Ez naiz kimikaria, beraz, zer egin nuen? Delikatetxeko Edurneri galdetu, haiekin egiten dugulako gure hezur-salda, eta hona hemen bere erantzuna:

Hezur-salda prestatzen duzunean eta hau hozten denean likatsua geratzen da, gelatina modukoa. Gure hezur-salda ere bai.

Baina SAALDAk gehiago iraun dezan kontserbante artifizialik gabe edota izoztu barik, jada ontziratuta eta itxita dagoen potoari tratamendu bat ematen diogu. Maria bainu baten moduko tratamendu bat, etxean kontserbak prestatzen ditugunean bezala.

Tratamendu honek berotu egiten du potoan dagoen hezur-salda eta kolageno-kateak hidrolizatu egiten dira, hau da, banatu egiten dira eta tamainaz txikitu.

Honek bi efektu ditu: batetik, aipatu duguna, gure hezur-salda ez da gelatina bilakatzen gehiago.

Bestetik, efektu interesgarri bat: peptidoa txikiagoa bilakatzea, gure hesteetako hesia errazago gainditzen du, beraz, hidrolizatutako kolagenoa bioerabilgarriagoa da.

Bioerabilgarriagoak esan nahi du gure gorputzak hobeto xurgatu eta erabili dezakeela sustantzia bat.

Hau da, SAALDA bezalako hezur-saldek daukaten hidrolizatutako kolagenoa hobeto aprobetxatzen duela gure gorputzak.

Eguna gauza bat gehiago jakinda hasten dugu. Tira, bat ez, bi! SAALDAk zergatik ez daukan gelatina itxura ikasi dugu, eta baita horrela gure gorputzak hobeto hartzen duela kolageno hori ere!

Wikipedian gehiago irakurri dezakezu hidrolizatuta kolagenoari buruz (gazteleraz dago artikulua).