Nola egiten dugu SAALDA?

“Erakutsi egin behar duzu nola prestatzen den SAALDA”. Nire emazteak esan zidan hau. Delikatetxera eraman nuen ikusi zezan nola egiten duten SAALDA eta konbentzitu ninduen prozesua dokumentatu nezan (bisita gidatuak antolatzea baino errazagoa da).

Berez, hezur-salda eta sukaldean egiteko hondoa prestatzeko jarraitu beharreko prozesua oso erraza da. 

Beheko bideo laburrean ikusi dezakezu Delikatetxeko lagunek jarraitu zuten prozesua SAALDA eta HOONDOa prestatzeko gure azken ekoizpena egin genuenean.

Azken ekoizpen hau dokumentatu nahi izan nuen jendeak ikusi dezan nolakoa den prozesua. Berez, ez dago misteriorik. Lana txukun eta zorrotz egitea da sekretu bakarra, bertako ekoizleei erositako osagaiak erabiltzeaz gain.

SAALDA egiteko behi-hezurrak, tipulak, porruak, azenarioak, apioa, gatza eta sagar-ozpina nahasten ditugu marmitan, bero-beroa dagoen urarekin batera. Hogei orduz egosten da, horrela lortzen dugulako kolagenoa askatzea hezurrek.

HOONDOaren errezetan hainbat haragi mota erabiltzen ditugu (landako oiloarena eta behi-hegal eta hezurrak), tipula, porrua, azenarioa, apioa, gatza eta shiitake perretxikoak.

Bata zein bestea egosi ostean ontziratu egiten dugu eta azken pausua autoklabean sartzea da. Maria bainu moduko bat ematen diogu bertan. Honi esker iraungipen-data luzea lortzen dugu, inolako kontserbanterik bota gabe.

Blogeko beste artikulu batzuk:

Bederatzigarren dohaintza

Polita da SAALDA proiektuak bi urte betetzea dohaintza eder bat egiten elkarte miresgarri bati. Atzo egin genion 1.300 euroko dohaintza Begiris elkarteari, gure bezeroek horrela aukeratuta.

Goian aipaturiko kopurua da 2025eko azken hiruhilekoan (urria-abendua) saldutakoarekin lorturiko irabazia. Bezeroek hiru elkartea proposatu zituzten eta bozketan Begiris izan zen aukeratua. Gipuzkoako itsu edo ikusmen urritasuna duten pertsonen inklusioa sustatzen duen elkartea da Begiris. Euren webgunean ezagutu ditzakezu hobeto.

Mugarri bat gehiago

Edozein proiektuk dauzka bere mugarriak. Saaldan pasa ditugu jada mugarri txiki batzuk: saldutako lehen 1.000 potoak edota gure lehen sei hilabeteak.

Egun hauetan beste mugarri bi pasa ditugu:

Atzo bete ziren bederatzi hilabete saltzen hasi ginela. Haurdunaldi bat.
Pasa den astean pasa genituen saldu eta fakturatutako 10.000 euroak (BEZ gabe, hau da, guztira 11.000 euro pasatxo).

Bederatzi hilabete. 10.000 euro. 

Duela hiru hilabete nioen moduan, gure txikian, bada zerbait.

To, ospatzeko, Hiru Erregeen Mahai gainera igo ostean hartu nuen argazkia, Saalda eta guzti 😊.