Egiten dugun laugarren dohaintza

Dohaintza bat eginez ekitea asteari gauza ederra da. Horrela hasi zen nire astea.

Aurrena ikusi nuen ea nor bozkatu duten bezeroek dohaintza egiteko, buletinaren eman nien bozketaren berri bezeroei eta aukeratutako elkartearekin kontaktuan jarri ostean transferentzia egina zegoen. Di-da.

Uztailetik urrira artean 590 euroko irabazia izan dugu SAALDAn. Hori da bezeroek aukeratu duten elkarteari eman dioguna.

Normalean bi hilean behin egiten dugu irabazien dohaintza baina uda-partean gutxi saldu genuenez ez nuen euro gutxi batzuetako dohaintza egin nahi. Fundamentu pixkat izan zezala.

Tira, 590 eurorekin ez dugu elkarte baten urtea konponduko, baina hori zen irabazi duguna eta borondate onenarekin eman dugu. Bezeroek proposatu eta aukeratutako elkartea Izan Iñurri da. Bularreko minbizia daukaten emakumeekin jarduten duen elkartea. Ahalduntzean eta akonpainamenduan lan handia  egiten dute. Bota begiratu bat haien webgune eta online dendari, produktu solidario ederrak saltzen dituzte eta.

SAALDA proiektua martxan jarri genuenetik egiten dugun laugarren dohaintza da:

Aurrekoetan nioena errepikatuz, gure txikian bada zerbait. Mundua toki pixka bat hobea egiteko harri koxkorra 😄

Zure aletxoa jarri nahi duzu?

Gure produktu goxoak erosita proiektuaren parte izan zaitezke eta dohaintza egingo diegun elkarteak proposatu eta bozkatu ditzakezu. Erosi gure behi-hezur salda edota sukaldean egiteko hondo iluna.

Blogeko beste artikulu batzuk:

Gure lehen dohaintza

Urtarrilean eta otsailean 1.350 euroko irabazia izan du SAALDAk. Hori izan da salmentei gastuak kendu ostean geratzen dena. Eta hori da dohaintzan eman duguna.
Bezeroei galdetu genien ea zein elkarte nahi zuten babestu. Hogei bat proposamen jaso genituen. Zerrenda antolatu eta bezeroei bozkatzeko eskatu genien.
Eta, hara, espero ez nuen zerbait gertatu zen: berdinketa!
Bi elkartek jaso zituzten botu gehien eta aurreikusi barik neukan egoera honetan erabaki salomonikoa hartzea izan zen onena: dirua erdibana.

Babestutako bidalketak

“Internet bidez kristalezko potoetan datorren hezur salda erostea? Hori ez da osorik iritsiko etxera”. Zeuk ere horrela pentsatzen baduzu, ez arduratu, ez zara bakarra. Gehiago esango dizut, SAALDA proiektuari ekin nionean pentsatzen nuen ez zela eskari bakarra osorik iritsiko. Baina, bi urte eta erdian, makina bat eskariren ostean, pare bat aldiz soilik gertatu zaigu bidalketetan potoak apurtzearena. Beste bidalketa bat eginez konpondu ziren arazoak.